ANIMALIEK ESKUBIDERIK OTE?
Datorren asteazkenean ospatzen da Animalien
Eskubideeen Nazioarteko Eguna. Horrela esanda, oso gutxi erakarriko du,
ideologia guztiek baitaukate ospakizun egun bat (batzuek, gehiago). Baina,
datan ohartuz gero, ikusiko dugu abenduaren 10az ari garela. Bai: Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna.
Zergatik izaki talde desberdinen eskubideak aldarrikatu egun berean? Irakurleoi
ez ezik, neure buruari ere egiten diot galdera. Eta, jakinda dudanez, joan den
mendearen azken partean hartutako erabakia dugu. Argi dago proposamenak berak
dakarrela nolabaiteko probokazioa; baina, horrela balitz, probokazio
didaktikotzat hartu beharko litzateke, ene ustez. Normalean kontuan hartzen ez
dugun errealitate bat erakutsi nahi digulako: geu ere animaliak garela. Askoren
gustukoa ez den arren, halaxe da: animaliak gara, etengabe eta ehuneko ehunean.
Ez dago landare jaiotzen den eta txakur (edo gizaki) zendu egiten denik. Ez eta
«bakarrik asteburuetan» animalia denik ere. Azpimarra dezagun arestian
esandakoa: animalia jaiotzen dena (garena), betiko eta oso.
Gaiaren ardatza ezagututa (benetan?), onartu beharko dugu animaliei buruz ari garenean gizakiak ez diren animaliei buruz dihardugula. Gu geu beste edozein bezain animaliak baikara, gutxienez ikuspuntu biologiko batetik azterturik. Baina artikulu honek animaliek (gizon-emakumeez kanpokoek) eskubiderik daukaten argitzea du helburu. Akaso galdera zuzen batek erantzun zuzena behar luke, bai. Baina esparru filosofiko batean mugitzen garen heinean, onar dezagun auzi orok dakarkigula ondorengo galdera: zergatik eskubideak animalientzat? Neuk era xume batez erantzungo nuke: haientzat onak direlako. Eta ausartuko nintzateke esatera, geuretzat ere bai.
Eskubide bat tresna morala besterik ez da. Baina xehetasun bat gehi genezake: justizia (norberari dagokiona eman) banatzeko tresna morala. Nolakoak gure beharrak (interesak), halakoak gure eskubideak. Izan ere, eskubidea da justizia banatzeko inoiz aurkitutako tresnarik eraginkorrena, zalantzarik gabe (edo oso zalantza gutxiz, behintzat).
Beste gauza bat da zer-nolako eskubideak edukitzea merezi duen bakoitzak (animalia edo gizakia den). Alde horretatik, azpimarratu behar da norberak eskertuko duela estimatua duen hori guztia bermatzeko gai den eskubidea. Erabat zentzugabea litzateke Euskadiko edozein herritarrek Orinokoko ibaialdean bizitzeko eskubidea eskatzea, horrek haren oinarrizko interesak betetzen ez dituelako. Baina zentzu garbi eta osoa luke horrexek yanomamo batentzat. Beraz, eskubide jakin bat arrazoizkoa den jorratzen dugunean, arrazoizko galdera honako hau izan liteke: zer-nolako eskubidea eta norentzat den. Auziaren mamitik iheska saiatzen ari garela ematen badu ere, ez da horrela. Ez eta gutxiagorik ere!
Orain arte hemen utzitako hausnarketak kontuan edukita (zertarako utzi, bestela?), ekin diezaiogun adibide praktiko bati. Zer-nolako eskubidea(k) izan behar ditu katu batek? Urtero hilabeteko oporraldia edukitzekoa? Ez! Katu bati berdin diolako honelako eskubidea edukitzeak ala ez. Udal hauteskundeetan bozkatzekoa? Ezta ere! Katu bati berdin diolako bozkatzeak ala ez. Inork [arrazoirik gabeko] ostikada bat ez ematekoa? Horixe bai interesgarria harentzat! Haren osotasun fisikoa (ezer baliagarriagorik?) bermatzen duelako.
Laburbilduz: [gizakiak ez diren] animaliek eskubideak dituzte. Arrazoizko eskubideak; gizakionak arrazoizkoak izan behar duten era berean. Eta oraindik ez edukitzekotan, eman beharko genizkieke ahalik eta azkarren. Haientzat opari paregabea delako. Eta geure izaera etikoari zor diogulako.
© 2014 abendua
No hay comentarios:
Publicar un comentario